top of page

 

 

HAITZULOAREN ALEGORIA


Haitzuloaren mitoa Platonek Errepublikako VII. liburuan gauzatutako azalpen alegoriko bat da, gizakia ezagutzarekiko duen egoerarena, hain zuzen. Platonek bi munduen izatearen bere teoria azaltzen du: alde batetik mundu sentikorra (zentzumenen bidez ezagutzen duguna) eta ideien mundua (arrazoimenaren bitartez lortzen dena).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ERREPUBLIKAREN 7. LIBURUA ATALEZ ATAL

 

1. Alegoriaren zergatia

 

Gizakiok egiaren ezagutzaren aurrean zer tokitan gauden erakutsi nahi digu Platonek, gure jakintasunari edo ezjakintasunari dagokionez

 

2. Haitzuloaren aurkezpena

 

Alegoriak Patonen ikusmolde ontologikora eramaten gaitu. Bi errealitate daude: bata —argitsua, garbia, ederra, errealitate-maila handikoa—  kanpoaldean, mundu adigarria deituko duguna; bestea, berriz, —iluna, nahasia, eskasa, errealitate-maila txikikoa— haitzuloaren barruan, mundu sentigarria esango dioguna.

 

Izatearen bi alderdiak bereizteak Heraklitoren eta Parmenidesen arteko antitesia gainditzea dakar. Heraklitoren betiereko jariatzeak ezaugarritzen du izate sentigarria; Parmenidesen aldaezintasunak, berriz, izate adigarria.

 

Horrenbestez, izatea atzemateko metodoa adimen-intuizioa denez, pentsamendua, arrazoia bera, dugu filosofatzeko tresna. Dialektika eztabaidatzeko artea dela, argudioak zorroztuz, tesiak kontrajarriz.

 

3. Presoak

 

Haitzuloaren barruan, maila txikiko errealitate ilun horretan, bereizi beharra daukagu gauzen eta itzalen artean, mundu sentigarriko objektu naturalen eta izaki natural horien kopien artean (artelanak, besteak beste)

 

4. Preso bat askatzea, eta gora igotzea

 

Horixe da hezitzailearen zeregina: gu askatu, lagundu gure adimenari etekina ateratzen, errealitatearen gaineko begirada osoa izan dadila. Heziketaren laguntzari esker burutu behar dugu egiaren bidea.

 

Izate-maila gorena Ongiaren Ideia da, haitzulotik kanpoko mundua argitzen duen eguzkia. Ongia ideia nagusia da, errealitate-maila handiena du, eta gainerako ideien zein mundu sentigarriaren gauzen zergatikoa ere bada. Printzipio absolutua da, eta ez da deusen menpekoa; izate-sortzailea da, eta ideiak ezagutzeko moduko egiten ditu eta adimena ezagutzeko gai. Behin horraino iritsita, askatutako presoa zoriontsu sentituko da, haitzuloan geratuko direnekin errukituko da eta ez du nahi izango, inondik ere, lehengo tokira itzuli.

 

Marraren similaren bitartez, lau errealitate-mailen berri ematen digu, errealitate-maila txikitik handira doan eskala baten arabera. Hasteko, mundu sentigarriaren baitako irudiak, batetik; izaki naturalak zein gauza artifizialak, bestetik. Segitzeko, mundu adigarriari dagozkion matematika-objektuak, alde batetik, eta ideiak, beste aldetik

 

Argitasun- edo egia-mailaren araberakoa da eskala: irudimena  —eikasia— eta sinesmena —pistis—, iritziari —doxari— dagozkionak, lehendabizi; pentsamendua —dianoia— eta adimena —noesis—, ezagutza zientifikoaren —epistemeren— baitakoak, bigarrenik.

 

Ezagutzaren prozesu hori anamnesia edo erreminiszentzia da, Platonen esanetan. Anamnesia, erreminiszentzia zera da: oroitzeko modu bat, gure arimaren baitan betidanik egon dena azaleratzea

 

errealitate- eta ezagutza-mailen artean bada egokitasuna: zenbat eta errealagoa izan izaki bat, orduan eta argiagoa eta benetakoagoa izango dugu berari buruzko ezagutza.

 

5. Askatutako presoaren itzulera haitzulora

 

Haitzuloko mitoaren interpretazioak hainbat esanahi du. Esanahietako bat ikusmolde politikoarekin lotua dago. Izan ere, egiaren gozamena ez du beretzat gordeko eta besteen zoriontasuna ere bilatuko du. Haitzulo barrura itzultzen den preso hori filosofo-politikaria da, agintearen ardura hartuta komunitate guztiaren ongia bilatuko duena; bere ezagutza denen onerako erabiliko du, ez baititu agintea eta boterea maite, eta horiek zerbitzu gisa erabiliko ditu ongia zabaltzeko.

 

Ardura politikoa hartu beharko du, horrenbestez, bere gain egia ezagutu duenak. Platonen arabera, ezagutzak ezinbestean dakar jokabide zuzena, eta ezinezkoa da egia ezagututa zuzen ez jokatzea.

 

Filosofo-politikariak bere burua arriskuan jarri behar badu ere, jarriko du, jarrera horrek zentzuz hornitzen baitu bere bizitza. Sokratesek halaxe egin zuen.

 

Sokratesen eragina handia da Platonengan: nabaria da teoria moralean, heziketan edo metodoan eta baita egiaren eta balio moralen ikusmolde absolutistan ere.

 

Gizartearen ongizatea aurkitzea zen filosofiaren helburua, Sokratesen arabera, eta morala ikasteko eta irakasteko modukoa izatea komenigarria zen; horretarako behar zituen bertute horien kontzeptu perfektuak.

 

6. Alegoriaren azalpena

 

Ongiaren ideiak hiru funtzio betetzen ditu: Alde batetik, funtzio ontologikoa. Ongiaren Ideia errealitate-maila gorena da, eta baden gainerako guztiaren zergatikoa. Ideia guztiek Ongiaren Ideian hartzen dute parte, eta objektu sentigarriek ideietan. Ongiaren Ideiaren funtzio epistemologikoa: ideiak adigarriak eta arrazionalak dira, Ongiaren Ideian parte hartzen dutelako. Eguzkiaren argiak mundu sentigarriko objektuak ikusgarri egiten dituen bezala, Ongiaren Ideiak adigarri eta ezagutzeko moduko egiten ditu ideiak. Eta funtzio etikoa eta politikoa, Ongiaren Ideia etika eta politikaren oinarria baita. Ongiaren Ideia atzeman duenak benetako ongia zertan den jakingo du: gizakiek zoriontasuna deitzen duten hura. Jakintsu horrek zer dagoen ongi eta zer gaizki bereizi ahal izango du mundu sentigarrian, eta jokabide zuzena izango du. Era berean, agintari onak Ongia bere baitan ezagutu beharko du estatuari zer komeni zaion ebazteko, eta noski, horren arabera gobernatzeko.

 

7. Mundu adigarriaz jabetu direnen zailtasuna mundu sentigarrian aritzeko.  

 

Sentigarriaren eta sentigarriaz gaindikoaren arteko indar bitartekaria da maitasuna; edertasunean zehar mailaz maila eramaten gaitu Edertasunaren Ideiaraino, Ongiaren Ideiaraino, biek bat egiten baitute. Erotika, honenbestez, absoluturako bide alogikoa da.

 

8. Heziketaren zeregina: izatea atzematera bultzatu arima.

 

Sofistek nola ulertzen duten heziketa kritikatzen du Platonek; sofisten arabera, heziketa dakienak ez dakienari ezagutza-edukiak ematea da, hezten ari denaren ariman horrelako edukiak txertatuko balira bezala. Haren jarrera ezagutza-prozesuan guztiz pasiboa da. Platonek, berriz, erakutsi nahi digu heziketak prozesu dinamikoa behar duela izan. Hezitzaileak jakin behar du ikaslearen arima bideratzen norabide egokian. Heziketak ikaslearen berezko adimen-gaitasunak piztuko ditu.

 

9. Heziketak, umetan ezarriz gero, indar izugarria du

 

Gizakia arrazionala eta morala da, eta bere nortasuna horren arabera eraiki behar du, arima zuzen gidaturik eta bizitza orekatua izanik. Gizakiaren ongia arimaren aukera da, eta soilik bertutetsua dena izango da ona eta zoriontsua.

 

10. Agintarigaiak onenen artean aukeratuko dira hezteko asmotan, eta ondoren, egokituko zaien erantzukizuna bete beharko dute

 

Heziketak benetako ezagutza aurkitzen lagundu behar digu, zuzenak eta zoriontsuak izaten laguntzearekin batera; jakituria, ontasuna, zoriontasuna eta arimaren askatzea edo garbitzea parekatzen dira adigarria denerako igoera horretan.

 

Norbanakoaren alderdian, arimaren zatien arteko harmonia behar den bezala, hiriaren esparruan, gizarte-mailen arteko harmonia behar da zoriontasuna eta zuzentasuna gauzatuko badira.

 

Filosofia eta politika, beraz, gauza bera dira; hiri ideala eraikitzeko ezinbestekoa da politikaria filosofoa izatea edo filosofoa politikaria. Zuzentasunaren eta ongiaren balio gorena izango du oinarri estatu horrek.

 

11. Agintariek beren zeregina beteko dute erantzukizunak bultzatuta, eta  ez botere-nahiak

 

Hiri idealean ezarriko den zuzentasun perfektuak bermatuko du komunitatearen zoriontasuna. Zuzentasuna bertuteen arteko harmonia da: hiritar bakoitzak eta gizarte-maila bakoitzak dagozkien funtzioak ahalik eta hobekien betetzen dituztenean. Azken finean, estatua gure arimaren zabaltzea da.

 

Zuzentasun kontzeptu hori izaeraren araberakoa da: bakoitzak egin behar du dagokiona, hiritarrek eta gizarte-mailek hirian, eta arimaren zatiek ariman

 

12. Matematika-jakintzek izatea atzematen laguntzen badigute ere, ez da aski: prozesua dialektikaren bitartez burutuko da.

 

Matematikak haitzulotik kanpoko izakiak eta eguzkia ikusi ahal izateko prestatuko ditu agintarigaiak; izaki horien islak eta itzalak ikusiko dituzte aipatutako bost jakintzei esker, eguzkiak argitzen duen esparruan. Arimak, beraz, dialektikan aritu baino lehen arrazoiketa abstraktuan eta kontzeptuzkoan aritu behar du, errealitate adigarri, ikusezin eta betierekoen esparruan. Matematikaren objektuak ikusmenaren bitartez harrapatzerik ez dago; adimenaren bitartez soilik atzeman ahal dira.

 

Matematika-objektuak lantzean, matematikariak irudi sentigarriak erabiltzen ditu  ikerkuntzan lagungarri izan dakizkion. Matematikariaren abiapuntua egiaztatu gabeko hipotesiak dira, hau da, axiomak. Axiomak ontzat hartzen dira justifikaziorik gabe, eta haietan oinarrituta,  arrazoiketa deduktiboen bitartez, ondorioak edo teoremak ateratzen dira.

 

Laburbilduz, dialektika adimen-intuizioan oinarritutako atzematea da; mundu idealaren, haren egituraren eta ideia bakoitzak egitura horretan duen tokiaren atzematea. Hortxe dago eskuragarri zaigun egia, atzemate horretan hain zuzen.

 

Dialektika ezagutzatzat hartuko dugu, eta matematika, berriZ, pentsamendutzat.             

 

Episteme zientzia dialektikorako edo filosofiarako erabiliko da.

 

Dialektika ideien eta beren arteko erlazioen zientzia izaten da.

 

Platonek zenbaitetan metodoari berari ere dialektika deitzen dio; ideiei buruzko jakintza gorenaz jabetzeko bideari, hain zuzen, arrazoi hutsean oinarritzen dena.

 

Elkarrizketaren artea ere dialektika da.

 

Batzuetan, Platonek dialektika terminoari oso esanahi zabala ematen dio, dialektika arrazoitzearen artetzat hartuaz.

 

Dialektikaren bi norabideak ditugu: Gorako dialektika mundu sentigarritik abiatzen da, eta adimenari esker, ideietaraino igotzen da, ideiaz ideia Ongiaren Ideiaraino. Beherako dialektikak aurkako bidea egiten du, orokorretik zehatzera.

 

Dialektika jakintza gorena da, metodo arrazionala eta argudiozkoa, izatearen zerizana atzemateko sentigarria denari heltzen ez diona.

 

Metodo dialektikoaren nondik-norakoa: metodo hori argudiozkoa eta arrazionala da, eta galdera-erantzunetan, argudio-kontrargudioetan, oinarritua; sentigarria dena alde batera utzita, izatearen ezagutzara eramaten du.

 

Arimak ezagutuz zaintzen, garbitzen eta itzultzen du bere burua; horixe da benetako bertutea.

 

 

PLATON

Alegoria

azalpena

bottom of page