top of page

KONTZEPTUAK

 

AKADEMIA: Platonek sortutako eskola, Akademos izeneko heroiaren omenez eraikitako lorategi batean, Atenas inguruan. Horra hor izenaren nondik norakoa. Eskolaren hasierako urteetan, (K.a. 387an) gizatiarren kontuei erreparatzen zioten gehienbat, eta geroago matematikazko jakingarriak ziren ikergai nagusiak.

 

ALDAKORTASUNA: Izakia gauzatzeko prozesua da, izakia bere izatera heltzeko aurrerabidea. Filosofiazko gogoetatze hasierako urratsetan aurkitzen da honako aztergai hau. Lehendabiziko filosofoak, presokratikoak hain zuzen, pentsamendu filosofikoa sortu zuten, gauza guztien aldakortasunak txundituta. Hori dela kausa, aldaketaren abiapuntuan dagoen osagaia topatzeari ekin zioten. Platonen iritzian, ezagutzaren objektuak izate iraunkorra izan bihar du, eta izate aldakorra ustearen mintzagaia da.

 

ARJE edo arkhé: Grekoz sorburua edo lehen gaia adierazten duen hitza da. Presokratikoek erabili ohi zuten, munduaren sorreran izan zen materiazko osagaia adierazteko.

 

ARIMA (psike). Gizakiaren osagarri ez materiala. Hilezkorra eta ideien mundukoa.Gorputzaren kartzelatik atera nahi du. Hiru zati ditu: Arrazoizkoa, buruan kokatzen da eta bere eginkizuna pentsamendua da. Suminezkoa, bularrean kokatzen da eta bere eginkizuna nahimena edo borondatea da. Irriteszkoa, sabelean kokatzen da eta sena eta instintuen kokagunea da. Gurdi hegadunaren mitoaz baliatzen da Platon nolakoa den azaltzeko.

 

ARRAZONAMENDUA (dianoia): Zentzumenen bidez gauzatzen den ezagutzari kontrajarrita, arrazoizko argudioak erabiltzeko gaitasuna da. Matematikazko ezagutzarekin identifikatu zuen.

 

BERTUTEA (areté): Zentzu zabalean adierazi nahi duena dIrria edozeinek duen berezko ahalmena edota gaitasuna. Arima zati bakoitzari bere bertutea dagokio hau da, dagokion portaera edo jokaera zuzena. Bertute etikoak lau dira: Neurritasuna, Sendotasuna, zuhurtasuna eta hauen ondorioa den Zuzentasuna.

 

DEMIURGO: Unibertsoaren sortzaile gisa agertzen da Platonen zenbait testutan, batez ere, Timeo delako elkarrizketan. Bere izatez, Demiurgok ez du mundua sortzen, hau da, ez du ezerezetik mundua ateratzen. Aitzitik, betiko ideiei begiratzen die, eta eredutzat hartuta, materia egokitzen du ideia horien erara imitatuz.

 

DIALEKTIKA: Elkarrizketari lotzen zaio hitz hau ( Dia- logos: Elkarren arteko hitza).Elkarrizketa batean galderak egin eta erantzunak emateko trebetasuna da. Gauza bakoitzaren zerizanaz ohartzen denari dialektikoa deritzogu. Filosofoaren sinonimoa da Dialektikoa. Dialektikaren bidez Ongiaren Ideia ezagutzera heltzen da eta ondorioz hiriaren agintea eskuratzeko prest dago filosofoa.

 

DOXA EDO IRITZIA. Mundu sentikorrari dagokion ezagutza maila. Zentzumenen bidezko ezagutza denez ez da batere ziurra edo zehatza. Itzalak eta objektua fisikoak ikustean datza. Honako hauek aldakorrak direnez doxa ere aldakorra da eta beraz ezinda benetako ezagutza izan.

 

DUALISMOA EDO BIKOIZTASUNA: Edozein errealitatetan bi osagai desberdin dagoela baieztatzen duen ikuspegia da. Platonen filosofia dualista da : Dualismo Ontologikoa ( Mundu Sentikorra eta Ideien Mundua), Dualismo Epistemologikoa( Doxa eta Episteme) eta Dualismo Antropologikoa ( Gorputza eta Arima).

 

EGUZKIA: Jakintzarik garrantzitsuena Platonek Errepublika liburuan, VI eta VII. ataletan zehar» agertzen duen konparaketa da. Ongia, egia erakusteko adierazpen sinbolikoa erabiltzen du Platonek, justifikatuz, desoreka handia dagoelako giza ahalmen mugatuaren eta ongiaren ezin lortuzko altueraren artean. Beraz, irizpide didaktiko batek bultzaturik hizkera ulergarri eta sinbolikoa erabiltzea erabaki zuen Platonek. Hala, eguzkia ongiaren sinbolo gisa agertzen du. Ongiaren eta eguzkiaren arteko antzak era askotakoak dira. Kasurako, esan liteke ideiak aditu ahal izateko, ulermenaren begiak eta baita ideiek berek ere argia behar beharrezko dutela, eguzkiak emana, ongiak ulermena ematen dion modura bila dabilen filosofoari. Hau da, gauzakiak begiztatzeko argitan egon behar diren, gisara, ideia guztiak ulertu nahi dituenak ongia aditzera iritsi behar du.

 

EPISTEME EDO ZIENTZIA. Ideien munduari dagokion ezagutza maila.Arrazoimenaren bidezko ezagutza denez benetako ezagutza da. Objektu matematikoak eta Ideiak ezagutzean datza. Honako hauek betierekoak eta aldaezinak direnez episteme ere betierekoa eta aldaezina da

 

ERLATIBISMOA: Ezagutzaren alorrean aldaezineko ideiarik onartzen ez duen teoria. Sokratesen garaian sofistek sortutako jarrera honen arabera, etika eremura heltzen da erlatibismoa. Hori horrela, ez dagoela ez balore absoluturik, ez jatorriz gauza onik ez txarrik aldarrikatzen dute.

 

ESENTZIA/ZERIZANA: Izatea zertan datzan azaltzen duena. Benetako errealitateak ideiak eta formak diren aldetik, ereduak direnez gero, esentziazkoak ere badira ideiak. Alde batetik errealitatearen existitu izana da, beraz bere izatea, eta beste aldetik errealitateari egokitzen zaion benetako ezaugarria edo bereizgarria.

 

ESZEPTIZISMOA: Egia ezagutzeko beta ukatzen duen jarrera. Gorgiasek, kasurako, zera agertzen zuen: egiarik ez da, egotekotan ezingo dugu aurkitu eta; azkenik aurkitzekotan ezingo diogu inori adierazi.

 

GORPUTZA. Gizakiaren osagarri materiala. Fisikoa denez mundu sentikorrekoa da eta beraz, aldakorra, mugikorra, jaio eta hil, agertu eta ez-perfektua da.Arimaren kartzela da eta gizakiaren gaitz eta akats guztien iturburua.

 

HARPEA / HAITZULOA: Gizakundearen Izate kaskarraren kontakizuna da haitzuloaren sinbologia, VII. atalean azaltzen den eran. Haitzuloaren ilunpetik kanpoko eguzki argitara igaro behar den gizakiak bere ahalmenak garatu behar ditu, hezita dagoen beste pertsona baten baldin badu, bestela jai du. Jatorrizko egoera,haitzulo barnekoa, bortitza da, kanpora ozta-ozta aurrera egitea bezainbeste. Jakituria ezaren eskupean edo uztarpean dagoen, gizakiaren egoera sinbolizatzen da kontaketa honen bidez. Gatibuak haitzulo barruko hormari begira dago ezinbestean, beste inora begiratu ezinean, gizakien lehendabiziko begirada aldebakarrekoa delako, hau da, hasiera batean ikusitakoaz landa ez dugu beste ezer dagoenik uste. Heziketaren zeregina errealitatearen beste ikuspegiekin alderatzea da, egiarantz hurbil gaitezen. Egiazko errealitatea aditu nahi duenak bide latza behar du igo, harik eta eguzki argitan ereduak eta formak atzemateko gai den arte. Bitartean, eta berriro atxilotuengana itzulitakoan ere, irudi barregarria izango du.

 

HEZIKETA EDO PAIDEIA. Arimari zuzentzen zaion prozesua da, arimak benetako ideiei begiratzeko jarrera har dezan. Heziketaren bidez arima iluntasunetik argitasunera igaro egiten da. Heziketa ez da itsu dagoenari ikusmena ematea baizik eta ikusteko ahalmena duen arimari bere begiradaren norabidea zuzentzea, mundu sentikorrari begira egon ordez ideien munduari begira jar dadin.

 

HILEZKORTASUNA: Hil ondoan arimaren existentziaren erronka dakar honako hitz honek. Zenbaitek, Platonek adibidez, arimak hil ostean beste gorputz batean sarturik bizirik irauten duela azaltzen dute. Jarraian suertatuko diren gorputzeratzeak zigor edo sari batean ondorengoak dira. Sari gisa bada, aurrekoa baino gorputz hobe batean izango du kokalekua, harik eta azken aldi batean izar batekin askapena lortzen duen arte.

 

IDEIA: Edozein gauzaki zein errealitateren irudi aldaezina eta betikoa da ideia. Beraz, objektu eta Izate bakoitzaren eredua da ideia, baita Izate horren egoera perfektua ere. Ideia ez da zentzumenez antzematen, adimenaz baizik. Hasiera batean Platonek uste du edozein gauzak baduela bere ideia edo eredua, baina gauza zatarrak bere ideia izatea ez zitzaion zentzuzkoa iruditu nonbait, eta horregatik, matematikazko izakiak eta ontasuna edo edertasunaren tankerako izakiek soilik dutela bere ideia pentsatu zuen geroago.

 

IDEIEN MUNDUA. Mundu Sentikorretik aparteko goi mailako errealitatea da. Bertan Ideiak daude. Goiko errealitate honetara heltzeko mundu sentikorretik alde egin behar da. Iluntasunetik argitasunera. Igoera dialektikoaren bidez Filosofoaren arima Mundu honetan dagoen Ongiaren Ideia ezagutzera heltzen da.

 

INTUIZIOA: Izatearen zuzeneko atzematea adierazten du intuizioak, hots, egiazko ideia baten zuzeneko ulertzea. Intuizio bidezko aditzea argudio bidezko aditzearen kontrakoa da. Platonek zeritzon bezala, intuizioa behinekoa da, eta bestea, argudio edo hausnarketa, haren laguntzailea, intuizioz ideiak aditzera horretaratzeko adimena.

 

IRRIKA: Platonen iritziz irrika eta arrazoia elkarren aurka daude. Berak dioenez, irrikak oztopoak jartzen dizkio arimari, arimak ideiak ezagut ditzan. Aristotelesentzat, kasurako, irrikak ez dira irrazionalak izan behar, sarri askotan, hausnartu ondoren nahita hautatzen ditugu nahierak.

 

MUNDU SENTIKORRA: Objektu fisikoez osatutako errealitate materiala.Zentzumenen bidez hautematen dugun errealitate aldakorra, mugikorra, anitza eta ez perfektua. Bertan dauden izakiak ideien itzalak edo kopiak besterik ez dira. Ez da beraz benetako errealitatea. Haitzuloaren irudiarekin parekatzen du.

 

KOSMOSA: Hitz honek jatorriz ordena adierazten du, hau da, munduan bere jitez egon behar duen antolamendua, hura sortuz geroztik kosmosaren erdian lurra da, eta bere inguruan izarrak. Zeruetako eremua Jainkoen kokagunea denez gero, izarren ezaugarriak jainkozkoak dira, hala nola, betikoak eta aldaezinak.

 

MAITASUNA, EROS: Oturuntza idazlanean , bere definizioaren bila dabiltza Sokrates, bere mahaikideak eta solaskideak. Batetik,norbaiten  arimarenganako maitemina déla esaten du Pausaniasek, eta gaineratuko du gorputzarenganako maitemina ere badela. Eriximakok, bere aldetik, azaldu zuen gizakien edo kosmosaren, baitan egon badagoela ordena ezartzera jotzen duen gisa honetako indarra. Arimari edertasunaren ideia antzematera eragiten dion indarra eros da, Platonen aburuan.

 

MITOA: Jainkoei, jainkozko izakiei edota heroiei buruz sortutako kontakizunak dira. Berez, argudio arra aurkakoa da, mitoak ez baitu egiaztapenik behar. Platonek erabili ohi zituen mitozko kontakizunak pentsamendu traketsak era ulergarrian irudikatzeko, edota gure adimenaren ahuleziari egokitutako gaiak jakinarazteko.

 

NEOPLATONISMOA: K.O. III.. eta VI. mende artean sortu ziren eskola platonikoetako pentsamoldea da. Neoplatonismoan jarrera teologikoak eta metafisikoak nahasten dira, kristautasunari filosofiaren sendotasuna emateko. Platonen ideiak Jainkoak sortutako pentsamenduak dira, haiek diotenez.

 

NEURRITASUNA / SOPHROSYNE: Zentzuna eta irriken neurritasuna agertu behar du herri xeheak. Beste alde batetik, irritsezko arimaren bertutea da. Neurrigabeko nahikeriak, handinahia, lizunkeria, diru gosea eta harrokeria edo handitasunari aurpegi ematea da bai irritsezko arimak, bai eskulangileen gizarte taldeak lortu behar duen izaera.

 

OROITZAPENA / REMINISZENTZIA: Arima jaio aurretik, ideien munduarekin bat eginik zegoen, eta egonaldi hartatik hala-holako oroitzapenak irauten du. Beste bizialdi batean dagoenean, lehen ezagututakoa gogoratzea lortzen du arimak.Parte hartzea / partaidetasuna: Platonen teoriaren hezur-muinean dago partaidetasunaren teoria. Ideien eta materiazko gauzen arteko erlazioa ematen digu aditzera. Materiazko gauzek, direnak direlakoek, ideietan parte hartzen duten heinean dute Izate propioa.

 

ONGIAREN IDEIA. Ideien munduko Ideiarik gorena. Eguzkiarekin parekatzen du.Izate printzipioa eta Ezagutza printzipioa. Berak emandako argiari ezker ideiak ezagutu daitezke. Igoera dialektikoaren helmuga da. Ongiaren ideia ezagutzera heldu dena filosofoa da eta hiria gobernatu behar du.

 

UHURTASUNA(phronesis). Arrazoi arimaren bertutea da. Gure pentsamendua zuhurra izan behar du. Hiriaren gobernariei dagokien bertutea da. Filosofoak zuhurtasunez gobernatu behar du eta.

 

ZUZENTASUNA(dyke): Greziarren aburuan zuzentasuna mundu osoaren baitan dagoen ordenaren esanera jartzea da. Gauza guztiek badute bere egitekoa eta berari dagokion kokagune propioa. Zuzentasun etikoa ematen da arima zati bakoitzak dagokion bertuteaz jokatzen badu. Zuzentasun politikoa ematen da gizarte klase bakoitzak dagokion zeregina dagokion bertuteaz betetzen badu.

bottom of page